Deustuko Unibertsitatea

*
**
*


Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutua, unibertsitate horretako Zuzenbide Fakultateko Euskara Juridikoaren Mintegiarekin batera, Andres Urrutia Badiola foru-zuzenbide zibileko irakasle, notario eta euskaltzainburuaren zuzendaritzapean, ahalegin handia egiten ari da eskuliburu juridikoak euskarara itzuli eta euskaraz sortzeko, euskara esparru juridikoan erabat normalizatzeko asmoarekin. Ildo horretatik, hamalau liburuki baino gehiago argitaratu dira. Horrez gain, doktore-tesi elebidunak eta historian zehar sortutako euskarazko testu juridikoak bildu, aztertu eta sistematizatzen dituzten monografiak egin dira. Horien guztien zerrenda zehatza gure argitalpenei dagokien atalean ikus daiteke.

Oraingoan beste proiektu arranditsu bati ere ekin zaio: Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen antolamendu juridikoaren lege-testu esanguratsuenak euskaratu eta bertsio elebidunean argitaratu dira. Gaur egun, hamaika lege-testu elebidun argitaratu dira, bi bildumatan (Lege Testuak eta Minor Bilduma), euskal erakunde publiko desberdinen laguntzarekin (HAEE-IVAP, Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Saila), argitalpenen atalean ere zehatz azaltzen den moduan.

Nolanahi den ere, lan hori oraindik gehiago zabaltzeko xedearekin, beste urrats bat eman da: Euskal Gaien Institutuak, Andres Urrutia Badiola jauna zuzendari izanik, eta Esther Urrutia Idoiaga andrea lege-testuen arloko koordinatzaile, eta Cesar Gallastegi Aranzabal jauna hiztegi juridikoen kooordinatzaile (guztiak ere Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasle eta Euskal Gaien Institutuko laguntzaile), Liburutegi Juridiko Elebiduna eskaintzen du (LJE) gaztelania/euskara. Biblioteka horretan doan kontsulta daiteke, Internet bidez eta PDF formatuan, bai Euskal Gaien Institutuak, bai Eusko Jaurlaritzaren HAEE-IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak, euskaratutako lege-testuen bilduma oparoa.

Gainera, Euskal Gaien Institutuak sortutako lege-testuen kasuan, lege-testu horien oinarri diren berbategiak eskaintzen dira, zuzenbideko arlo zehatzak barneratzen dituzten beste berbategi zabalago batzuekin batera.

Helburua, azken finean, hauxe da: jardule juridikoen esku jartzea euskarazko material juridiko egokiak, baliabide horiek erabilgarri izan daitezen zuzenbidearen esparruan euskaraz aritzeko. Esan gabe doa, baliabideok, denborak aurrera egin ahala, eguneratu egingo direla, ondoz ondoko ekarpenen bidez, sortutako materialei aplikazio berriak eransten zaizkien neurrian.


Bilboko campusa
Unibertsitate etorbidea 24, 48007 Bilbao
Tel.: +34 944 139 000
e-mail:web@deusto.es
*
Donostiako campusa
Mundaiz bidea, 50. 20012 Donostia
Tel.: +34 943 326 600
e-mail:web@deusto.es
*
*
© 2010 Deustuko Unibertsitatea - Eskubide guztiak erreserbatuta